Biografia

Jasone Osoro Igartua (Elgoibar, 1971). Informazio Zientzietan lizentziaduna, kazetari lanetan aritu izan da hainbat urtez. Telebistan ere aritu izan da, aurkezle zein gidoilari eta urteak daramatza egunkari eta aldizkarietan zutabeak idazten. Bere lehen literatura lana 1998an kaleratu zuen, Tentazioak, eta Bi marra arrosa da (2009) bere azken lana.

Informazio Zientzietan lizentziaduna da eta Bartzelonan Zine Gidoigintzari buruzko gradu-ostekoa egin zuen. Elgoibarko Barren astekarian egin zituen kazetari lanak bost urtez.

Telebistan aritu izan da aurkezle, erredaktore eta gidoilari lanak egiten: Bai zera, Sorginen Laratza, Hasiberriak, Kuxkuxeroak, Goenkale, Wazemank eta Horrelakoa da bizitza. Telebistari buruzko Asteon aldizkariko zuzendaria izan zen.

Zutabegile lanetan dihardu hedabideetan eta hainbat aldizkaritan kolaboratu du, ipuinak idatziz: Euskaldunon Egunkaria, Gara, Aizu eta HABE aldizkarietan, Euskadi Irratian… Azken hamar urteotan Diario Vasco egunkarian zutabeak idazten ditu. Bai horixe atalean hasi zen eta 2008tik asteazkenero irakur daitezke bere zutabeak kontrazalean, Plaza de Gipuzkoa atalean.

1998. urtean kaleratu zuen estreinako ipuin liburua, Tentazioak. Liburu horrek jaso zuen Bilboko Liburu Azokaren Zazpi Kale saria, liburuaren egunean gehien saldu zen euskarazko argitalpena izateagatik.

2000. urtean Igartza Bekarako akzesit bat lortu zuen. Beka horri esker, Korapiloak narrazio laburren eta poesien liburua argitaratu ahal izan zuen. Lan horrek Zilarrezko Euskadi Sariarekin saritua izatea ekarri zion. Liburuaren hastapenean, gizon batek bere emaztegaia bahitu, bortxatu eta hil egiten du. Emakumearen narrazioak, bahituta dagoen artean, agertzen dira liburuan. Heriotza, pasioak, amodioa, gorrotoa eta sexua nagusi dira korapilatuz doan historia honetan. Ana Urkizak Euskaldunon Egunkarian idatzitako iruzkinean “Ipuinen zein poemen tituluak laburrak eta hotzak dira: erakargarriak oso. Bihurgunerik gabeko istorioak kontatzen dizkigu Osorok, egilearen estiloa bera bezalakoak“, hitzekin azpimarratzen du Osororen idazkeraren nondik norakoa.

2001ean eman zituen lehen urratsak gazte literaturan Jara nerabearen abenturei buruzko libururarekin. Gerora Jara, bikiak eta bikoteak, Jara Bartzelonan eta Jara Live plazaratu zituen. 2009an, berriz, Ezekiel jaio zen,  gazteei zuzendutako Osororen pertsonaje berria, 2012an kaleratu zuelarik Ezekiel nora ezean. Jararen eta Ezekielen abenturak behin baino gehiagotan gailendu izan dira Juul sarietan, Ikastolen Federazioak urtero antolatzen dituen hauteskundeak dira Juul. Bertan, ikasleek urtean zehar irakurritakoen artean gehien gustatzen zaien liburua aukeratzen dute.

2002an, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka baten laguntzaz, Bartzelonara joan zen eta bertan Gidoigintzari buruzko graduostekoa egin zuen. Horren emaitza izan zen 2003an kaleratutako Greta, Jasoneren lehen eleberria. 2009an Bi marra arrosa aurkeztu zuen. Bertan, bere lehen haurdunaldiari buruzko kronika kontatzen du. Horiez gain, hiru ipuin bildumatan hartu du parte: Gutiziak (Txalaparta); Euskal idazleen ipuin erotikoak (Txalaparta); eta, azkenik, Bakarrizketan (Alberdania).

2012an Urtxintxa eskolak argitaratu zuen Titiriteroen ipuinak liburuan parte hartu zuen Braulio lehoiaren ileordea ipuinarekin. 2014an, berriz, Muma mamua plazaratu du haurrentzako, Ibaizabal argitaletxearen eskutik.

2015ean 12etan bermuta argitaratu zuen, Ondarroako Udalak eta Elkar-ek antolatutako XVI. Augustin Zubikarai beka irabazi ondoren.

Gaur egun Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da.