Olerkiak

———————————-

Inozentzia

Bizitza eta zelofana gauza bera ziren.
Segun eta nondik begiratzen zen.
Lehen igurtziak
kartulinazkoa zirudien,
faltsua,
artifiziala.
Bigarren laztana
zetazkoa izan zen,
leuna,
goxoa.
Ezpainen arteko musua,
kandela negarra,
likina,
beroa.
Zakin tentearen ikuskizuna,
hari lodi dardartia.
Jolasa,
irrika,
obsesioa.

Formak

Formaz aldatu nahi nuke.
Haizea izan zure azala bortxatzeko.
Kanela zure sudurra probokatzeko.
Eskalextria zure gerriaren bihurguneak tentatzeko.
Tximista zure begiak argitzeko.
Oihartzuna zure belarrian sartzeko.
Pasioa zure ahoa erakartzeko.
Olatua zure izerdia irensteko.
Espazioa zure gorputza babesteko.
Formaz aldatu nahi nuke.

Dardara

Izerditan esnatu naiz.
Amesgaiztoa izan dut.
Nire gainean zeunden,
Larrutan.
Zure hats lodia.
Zure hots korapilatua.
Zure esku latzak.
Zure sabel koipetsua.
Zure ezpain likitsak.
Zure begi eszitatuak.
Zure izter astunak.
Zure hitz traketsak.
Zure mugimendu bortitzak.
Zure zakil alienigena.
Izerditan esnatu  naiz.
Dardarka.

Ezkontza

Eguzkiak koroa jarri zidan.
Printzesa dirudizu,
Esan zidan printzeak.
Eta beirazko oinetakoen hotsak
Gitarra doinuaz jantzi zuen eliza.
Amaren emozioa.
Aitaren harrotasuna.
Intsesuaren lurra.
Xanpainaren zorabioa.
Gauerdian, kalabaza utzita,
Morfeoren besoetan erori nintzen,
Igelak, musu ematean,
Kroak egin zuen-eta.

Kabroia!

Kabroia zara benetan!
Bihotza ostu zenidan.
Gaztetasuna debekatu.
Edertasuna ukatu.
Bizitza isolatu.
Penaz inguratu.
Tristurak enkargatu zenituen.
Poza saldu.
Ilusioa alokatu.
Maitasuna bonbardatu zenuen.
Eta, hala ere,
Balaz hil nahi nauzu?

Self-service

Gelatina pusketak egin arte
atzamarraz eragin.
Argindarra hedatu arte,
arnasari eutsi.
Lumek hegaz egin arte,
igurtzi eta igurtzi.
Ezpainak dar-dar jarri arte,
goroldioa nahastu.
Urak gainezka egin arte,
bustiduran ito.
Metrailak eztanda egin arte,
kanoia sakatu.

Sua

Txinparten prozesioa zen.
Sugarren manifestazioa.
Suzirien suizidioa.
Pasioaren eztanda.
Hilean behin ikusten zuten elkar.
Biak ezkonduak.
Biak desenamoratuak.
Hoteleko ohe alokatuan,
Sentimenduekin trafikatzen zuten,
gorputzak korapilatzean
Amodio faltsua asesinatuz.
Izara artean erre
eta hurrengo hilera arte agurtu.

Gabe

Kamiseta azpian hutsik zegoen.
Bularretakoak ez ziren existitzen,
Soilik kremaieradun arrastoak.
Atximurrek ez zuten dunarik ezagutzen.
Beltza panteraren kolorea zen.
Eta azalean,
Esne-tanta likinaren arrastoa tatuatua zenuen.

Esgrima

Bi aho erraldoi kalean,
jendea probokatzen.
Bi aho erraldoi
eta ezpain lodien arteko borroka.
Mingain bustiaren ausardia
ezpata bailitzan,
bestearen ezpaina zulatu nahirik,
bestearen ahoa ziztatu nahirik.
Bigarren mingaina,
borreroen arteko jolasa,
listua lapurtuz,
airea zapuztuz,
arnasa pitzatuz.
Bi aho erraldoi kalen erdian.
Mingain ausarten borroka.

Iragarkiak

Neonezko ipurtargiak ikusi nituen azkenekoz,
loak hartu ninduen arte.
Gau hartan,
ametsek graffitiak ziruditen,
musuek paperezkoak,
bularrek almiodiz eginak,
zakilek protesiak,
poroek sumendiak,
eskuek makuluak ziruditen.
Neonezko gau artifizialetan,
maitasuna puzzle bat zen.

Flamenkoa

Heriotza oinutsik hurreratu zen,
Dantzan,
Jira eta buelta
Gerria kiribilduz,
Bularra esnez puztuz,
Besoak luzatuz,
Atzamarrekin tiro eginaz,.
Heriotza ijito bat zen
Eta ilea zilarrezko azazkalekin harrotzen zuen.
Atseden promesaz brodatzen zuen arnasa
Eta bolantedun soinekoz estaltzen zituen beldurrak.
Heriotzak marfilezko hagin batekin ebaki zuen bizia,
Eta lerro fin hartan, flamenkoz mozorrotu zuen mina.

Gurina

Gurinak irrist egiten zidan izter artetik.
Eta eguzki-loreek erreberentziaz estali zuten gaua.
Musukatu ninduzunean beldurtu egin nintzen,
ikara sentitu nuen,
urrezko pipitaz beteta neukan sabela,
eta petaloek eztanda egin zuten nire obarioetan.
Tertziopelozko labanaz
gurina zabaldu zenuen nire izter artetik gora.
Barrura.

Klipa

Klip bat zara nire memorian.
Laranja baten atala.
Jarioaren tanta.
Elur maluta.
Bitsaren burbuila.
Hondar pinporta.
Eta ezin zaitut burutik kendu,
ez duzu orria askatu nahi,
hurrengo kapituluan agertu nahi duzu,
istorioa eraiki,
liburua osatu.
Ezin nauzu abandonatu.
Klipa zara eta.

Prostituzioa

Telefonoz hitz egitean,
beste aldean imajinatzen zaitut,
arkatza atzamar artean,
papera mahai gainean.
Zuriaren freskura
puta bat bailitzan bezala zirriborroz betetzen duzu.
Eta zure ahotsa
hari singleen bitartez iristen zait,
marrazkiz osaturiko puxika,
hondarra balitz bezala,
nigan gauzatzen eta sortzen den hitza.
Uneoro imajinatzen dut zure eskua,
eta uneoro pentsatzen dut baietz,
folioaren birjinitatea prostituitzearen arrazoia
bat eta bakarra dela:
bihotz arrosa eta hortera bat margotzea.

Patxuli usaina

Patxuli usainagatik igarri nizun putetxean izan zinela.
Eta oheratzean masailean musu eman zenidalako.
Lixibaz zulatutako izarak,
narrioz betetako sabaia,
moketaz forratutako lurra,
argi gorria,
puta merkea.
Gorbata kentzen ikusi zintudan,
almidoiz plantxatutako alkandora askatzen,
lotsatzen zaituen orbaina ezkutatzen.
Soinekorik dotoreena jantzi nuen,
perfumez eginiko zopa edan nuen,
ilea askatu,
karmina ezpainetan akabatu nuen
eta kalera atera nintzen,
mudantza egingo zidan kamioiaren bila,
nire bihotzaren palaziora altzari berriak ekarriko zituen tranbia.
Heriotzaren samina tiritaz sendatzera.

Kaoba

Hautsa kaobaz tindatuko nuke
eguna luzatzerik balego,
poza mastekatzerik,
negarra mozorrotzerik balego.
Ausentzia moda balitz,
soineko gorriz jantziko nuke,
trenbide zatiekin josi
eta txiklez lotuko nuke.
Zigarroa bazina,
trafikatu egingo nuke,
eta gela ilun batean itxita,
egunak eternitate bihurtuko nituzke.
Erre eta erre,
airea ke eta kea hodei izan arte.
Nire birikak labana batez urratu
eta zure ausentziaren ordez,
herioaren lurruna zabalduz.

Musu korapilatuak

Benenoa zara.
Pozoia daukazu ezpainetan.
Madarikatua zure ahoa.
Deabruaren musuak zureak.
Kisses.
Korapilotan itotzen duen mingaina zurea.
Zatoz, azkenekoz.
Nire eztarriak suizidatu egin nahi du.