Tentazioak (Elkar, 1998)
Argitaletxea: Elkar
Data: 1998eko otsaila
ISBN: 84-8331-063-5
Orrialdeak: 172
Ipuin bilduma bat da Tentazioak, 25 istorio labur biltzen dituena. Gaia, mundua bera bezain antzinakoa: maitasuna, sexua, gizon-emakumeen artean sortzen diren sentimendu, korapilo eta ezin ulertuak; betidanikoa, eta aldi berean guztiz berria, egunero deskubritzen duguna, ustekabean bere sareetan harrapatzen gaituena.
Patxi Ezkiagak hitzaurrean dioen legez, “idazle gazte honen istorioak bizitzaren arriskuez, zirraraz, misterioz eta ahalbidez gainezka daude (…) konfesaezinak zaizkigun gure ezkutuko irudien aurrean, unetxo batez bederen, jar gaitezen”.
Idazkera, berriz, arina eta jostalaria du; hizkuntza erraz eta gozoa darabil, baina aldi berean landua, esan nahi duena zehatz esateko balio diona; sujerentzia erabiltzen du uneoro idazle gazte honek, erdi-esanak eta esan gabe ulertu behar direnak; badu malezi punttu bat, badu erotismo ukitu bat ere pasarte askotan, irakurlea aztoratu edo erakarriko duena.
Oharkabean pasatzen dira sarritan idazle berrien lehen obrak. Zinez uste eta espero dugu kasu honetan ez dela halakorik gertatuko, liburuaren kalitateak eta gaiaren interesak jendearen arreta erakarriko dutela. Esaera zahar batek dioen moduan, bertan erortzeko omen dira tentazioak. On egin diezazuela erorketak.