Colaboraciones
Oinetakoa beirazkoa izan ez balitz….
Revista Emakunde, número 75, junio del 2009
¿Qué hubiese pasado si el zapato de Cenicienta no fuese de cristal? Arrastramos la condena de una tradición marcada por la leyenda de un diminuto zapatito. De un príncipe azul. De unas malvadas hermanastras. Las mujeres, aún hoy, vivimos atrapadas en simbólicos zapatos de cristal. Atrapadas bajo, curiosamente, un techo de cristal. Y todo por un error de traducción. El gran Charles Perrault escribió la historia de un zapato de cuero. Al traducirse, el zapato pasó a ser de cristal. Un error cambió la historia. ¿Nuestra historia?
Eta dena akats bategatik. Emakumeok kristalezko oinetako baten barruan harrapatuak gaude okerreko itzulpen bategatik. Izan ere, Charles Perraultek Errauskine idatzi zuenean, larruzko oinetakoa irudikatu zuen. Larrua frantsesez vaire esaten da. Baina badirudi erruren bat egon zela itzulpena egiterakoan eta vaire jarri behar zuen tokian verre agertu omen zen. Eta verre hitzak beira esan nahi du. Akats bat, beraz. Erru horrek eman dio, besteak beste, ipuinari bere ospea. Agian zapata larruzkoa balitz ez litzateke horren miragarria izango. Oinetakoa beiraz egina izateak xarma berezia ematen dio istorioari.
Emakume gehienok desiratu izan dugu noiz edo noiz kristalezko zapatak janztea, horrek nolabait printze urdina bereganatzea ekarriko baligu bezala. Inozoak gu. Eta inozoak txiki-txikitatik horixe erakutsi digutelako. Alegia, denbora pasa arren, garai berrietara egokitu beharra izanda ere, halere, neskak neska garen unean barnean ezkutatua daukagu Errauskineren konplejua. Guztiok gara etxekoandre. Guztion ametsa da bizitza osoa iraungo digun maitasuna aurkitzea. Guztiok pentsatzen dugu zoriontsu egingo gaituen gizonezko bat ezagutuko dugula noiz edo noiz. Eta gizon horrek konkistatuko gaituela. Beirazko oinetako zoragarria jantziko digula egunen batean, berarekin esposatzeko eskatzen digun heinean. Eta hortxe hasten da gure benetako kartzela. Beirazko zapata madarikatu hori janztean….
Oinetako batek aldatu zuen Errauskineren bizitza. Hortxe amaitzen da ipuina. Printzeak berarekin gaztelura eramaten duen unean. Eta bukaera hori irakurrita irribarrea marrazten da haurren aurpegian. Zeinen ondo! Errauskinek lortu du bere ama-orde eta ahizpa-orde maltzurren aldamenetik ihes egitea. Lortu du sukaldean giltzapetua egotetik Jauregui eder batean bizitzera joatea. Zortea izan du Errauskinek. Merezi zuen, urte luzez triste eta goibel bizi izan baita. Egunen batean salbatuko zuen norbaiten zain. Errauskine zintzoa, ona, goxoa, ulerkorra, otzana, sekula ahotsik altxatzen ez duena. Tokatu zaiona onartzen duena. Ahorik zabaldu gabe.
Bide horretatik engainatzen gaituzte. Txiki-txikitatik barneratzen dugu emakumeok halakoxeak behar dugula izan. Lehen legea: eskuzabalak, umilak, isilak, zalapartarik sortzen ez dutenak. Horrelakoak izanik lortuko dugu egunen batean saria: bizimodua aldatzea.
Hori bai, argi izanik bidean aurkituko ditugun areriorik handienak emakumezkoak izango direla. Gu baino itsusiagoak izango direnak. Gu baino tuntunagoak. Baina, inbidiak jota, gure bizitza ahalik eta itogarraiena eta ilunena izaten saiatuko direnak. Horratx bigarren agindua: emakumeen areriorik handiena beste emakume bat da.
Eskerrak hor dauden gizonak gu salbatzeko! Eskerrak zaldun eder eta bihotz onekoak existitzen diren. Guk ezer egin gabe hurbilduko zaizkigunak. Gure edertasunak eta onberatasunak erakarrita. Gure lotsa eta nerabetasunak kitzikatuta. Gutxien espero dugunean agertuko da. Sorpresaz. Gure atea joko du. Eta guk sartzen utziko diogu, galderarik egin gabe. Azken batean, bera printzea da. Printze urdina. Gu salbatzera etorri dena. Gure bizimodu tristetik askatuko gaituena. Paradisurantz eta etenik gabeko zoriontasunerantz eramanaz. Hirugarren legea: emakume bat zoriontsu egingo duena gizonezko bat izango da. Beti.
Beirazko zapata jantzita sartuko gara gazteluan. Pozik. Itxaropentsu. Amesgaiztoa amaitu dela sinetsita. Baina….
Baina ipuinak ez dira hor amaitzen. Printze urdinaren estreinako musuaren ostean egunerokotasuna dator. Eta egunerokotasun horretan beirazko oinetakoak estutu egiten du. Ez baita batere erraza kristalean harrapatutako zapata-parearen barruan ibiltzea. Zauriak egingo dizkigu. Azazkala urratuko. Estropozu egingo dugu behin eta berriz. Baina zapata kentzeak ikara sortzen digunez, bere horretan jarraituko dugu. Nork arriskatu nahi du oinutsik ibiltzera? Hobe estutzen digun zapata, biluztutako oin bakartia baino. Hobe zauritxoz betetako hanka, minik eta oinazerik gabeko bizimodua baino. Salbatu gaituen printze urdinaren ondoan bizitzearen truke zerbait ordaindu beharko da. Gure oinen osasuna. Beirazko zapatak. Takoidun oinetakoak. Oina, eta arima estutuko dizkigun euskarria. Lotuta berriz. Baina gizonezko baten ondoan.
Horratx laugarren legea: oinetakoak estutu egiten du, baina oinazeak merezi du printze urdina alboan baldin badaukazu. Hobe estu, bakarrik baino.
Urtebete pasatxo behar izaten dugu zutik ipini eta oinez hasteko. Bizitza osoa behar dugu beirazko zapata jantzita eroso sentitzen ikasteko.
Eta dena akats baten ondorioz. Zeren, batek daki, agian verre beharrean vaire balitz….. Errauskineren zapata beirazkoa izan beharrean, larruzkoa balitz…. Larrua bigundu egiten da ibiliaren ibiliaz. Larruak gure azalaren antzekotasun handiagoa dauka. Denborak xamurtu egiten du. Larrua, gaizki tratatu ezkero, puskatu egiten da. Zulatu. Agian…. Errauskineren zapata larruzkoa balitz zulatu egingo litzateke azkenean. Eta behatz potoloak askatasunaren haizea sentituko luke. Eta oinetako barruan geratzen diren behatzak baino hobe bizi dela ohartuko litzateke. Aske. Litekeena da kasu horretan Errauskinek zapata kentzeko ausardia izatea. Ortozik bizitzeak pena merezi dezakeela erabakitzea. Posible da gaztelutik atera nahi izatea. Beste printze batzuk existitzen direla jakitea. Eta adiskide izan ditzazkeen emakume asko dagoela ohartzea. Vaire balitz verre beharrean…
Istorioa berridatzi egin behar da. Gure seme-alabek ez dezatela paradisua eskainiko dien beirazko zapatekin ametsik egin. Horrek ahul egingo ditu-eta.