Columnas

Aquí encontrarás una selección de los artículos publicados en la sección Plaza de Gipuzkoa del Diarío Vasco, organizada por años: 2008, 2009, y 2010.

2008

Ezin

Zahartzen ari naiz. Takoi luzeak jantzita nekatu egiten naiz. Horregatik uste dut zahartzen ari naizela. Orain gutxi oinetako zoragarriak erosi nituen. Eskaparatean ikusi eta guztiz sorgindu ninduten. Nire izena zeramaten hebillatik zintzilikatuta. Dendariak ere esan zidan bereziak zirela oso. Nire oinak pasarelan ibiltzen diren modeloenaren pareko ikusi nituen ispilu aurrean. Dendaren espazio txikian bira txiki bat egin nuen ea eroso nituen jakiteko. Onartzen dut behatzetan estutu egiten zidala,baina larrua bigundu arteko kontua izando zela pentsatu nuen. Takoia luzeegi agian? Keba! Erantzun zidan saltzaileak. Kontuan izan takoi zabala dela, berehala ohituko zara. Total, erosoak ez izan arren, ibiliaren ibiliaz neure egingo nituen esperantzan, oinetako marabilloso haiek poltsan sartuta atera nitzen. Pare bat bider jantzi ditut eta bietan etxera itzultzeko irrikaz egon naiz, gatibu sentiarazten nauten zapatak kentzeko irrikaz. Eskaparatean jartzeko moduko sandalia-bota ederrak dira, baina ez dakit askotan jantziko ote ditudan. Akaso neuk ere berezi azaldu nahi dudan egun horietako batean, takoi luzeetara igota modelo edo printzesa edo zaldi arabiar bat bezain dotore agertuz.

Zahartzen ari naiz. Garai batean niri bost nekeak eta oinetako minak, denak merezi zuen lirain agertzearen ordainetan. Orain, praktikotasunak irabazten du. Uste dut erakusketa bat antolatu beharko dudala jada janzten ez ditudan oinetako eta jantziekin. “Nahi baina ezin” izenburua jarriko diot erakusteari. Zer iruditzen?

Iritziak

Bego ez dut ezagutzen. Berak askoz gehiago daki nitaz. Nire aurpegia ere ezagutzen du. Nik badakit, berak kontatuta, nirekin bat datorrela hainbat gaitan. Berak idatzi didalako dakizkit hainbat gauza, kontrazalean agertu naizenetik irakurtzen nauelako eta posta elektronikoz helarazi dizkidalako bere iritziak. Consuelo ezagutzen dut. Nire lagun minaren ama da, Mariaren amatxo. Euskaraz irakurtzeko ohitura mantentzen du zutabe hau asteazkenero ateratzen denean. Honi esker jakin zuen, besteak beste, Mariak eta biok solfeoko klaseetatik piper egiten genuela 9 urterekin! Pasa den asteko artikuluaren ostean jendea hurreratu zait galdezka ez dakiela aurrerantzean agurtu behar nauen ala ez. Ez nuen argi utzi esan nahi nuena, antza. Nola ez zait ba gustatuko jendeak epa! esatea. Amak tarteka ideiak ematen dizkit, edo nonbait irakurri duen zerbaiten inguruan egin duen hasunarketa kontatzen dit. Inspirazio modura balioko didala pentsatuz, seguruenik. Eta Gorkari irribarrea marrazten zaio bere izena lerro hauetan idatzia ikusten duen bakoitzean. Zer esango ote dit aste honetan MªMercedesek? “Completamente de acuerdo!” edo “Ez nao ados”.

Polita da jendearen erantzuna jasotzea. Ezagun zein ezezagunena. Aldekoak eta kontrakoak, baita ere. Eta beste aldean pertsonak daudela jakiteak, hain zuzen, ematen dio bizitza zutabe honi. Nire bizitzatik ematen dudan pusketa bakoitzeko, dozenaka sekuentzia jasotzen baititut bueltan. Akzioak ematen dio mugimendua bizitzaren pelikulari.

Usainak

Gauza batzuetan kosta egiten zait aldatzea. Gustuko dudan kolonia, esaterako, urte luzez mantendu izan dut. Nire izaeraren parte egin arte. Nolako usaina, halako izana. Mutil askok autoaren arabera sailkatzen du jendea. Ni kapaz naiz koloniaren araberako klasifikazioa egiteko eta txokantea egiten zait nortasun diferentea duten bi pertsonek kolonia bera erabiltzea. Saltzaileek beti diote bakoitzaren usainaren arabera aldatu egiten dela lurrinaren aroma ere. Gezurra. Konprobatuta daukat kolonia bera azal diferente eta izerdi ezberdinarekin kontaktuan jarri ezkero ere, halere, igual-igual usaintzen duela. Tira, esandakoa, kosta egiten zaidala kolonia mota aldatzea. Eta oraintsu jakin dut nirea ez dela gehiago fabrikatuko. Ja! Denbora luzez neure egingo nuen lurrina bilatzen eta topatu dudanean zer eta merkaturatzeari lagako diotela! Eta orain zer? Dendara joan eta lurrin artean mozkortzera? Nire inguruko beste inork erabiltzen ez duen usaina topatu arte erotzera?

Seinale bat izango ote da? Nire bizitza erosoarekin hain gustura nengoenean zer eta naizena izateari utzi eta aldatzen hasi behar al dut orain? Horoskopoak abisatu zidan 2008an lekuz kanpo uztiko ninduen ezustekoa izango nuela. Baliteke hau izatea sorpresa. Kolonia aldatzea zerbaiten amaiera eta etapa berri baten hasiera izan daiteke. Hau abentura! Portzierto, proposamenik baldin baduzue…. Usain berrien bila nabil, badakizue.

Bikini operazioa

Bikini operaziorik egin gabe pisua galdu dut. Krema antizelulitikorik erabili gabe, liposukziorik egin gabe eta gosaritako madalenak jateari laga gabe. Kosta zait, hori bai. Onartzen dut izerdia bota dudala lanean, orduak pasa ditut nire helburua lortu asmoz eta ipurdia, belaunak eta besoak minduta izan ditut egun pare batez, agujeta antzekoak edo. Baina pozik nago. Nagiak gainetik kendu eta alferkeria ostiko batez bota dut nire barrutik. Eta hori arrazoi nahikoa da kontent egoteko. Borondatea duen pertsona naizela erakutsi diot nire buruari. Eta hori gauza handia da. Baina benetako sariak estetikarekin dauka zerikusi zuzena. Izan ere, nire armairuaren edertasuna deskubritu dut. Hutsuneak ageri dira nonahi. Espazio minimalista moderno eta ausarta dirudi. Aldizkaririk abangoardistenetan ateratzen diren horietakoa. Justu beharrezkoa den arropa, besterik ez dago bertan. Duela sei udazken jantzitako jertseak eta jada sartzen ez zaizkidan prakak nire begien bistatik kendu ditut. Ez da erraza “bada ez bada” gordetzen ditugun gauzei erretiroa ematea. Oroitzapenekin lotzen ditugu eta sentsazioa daukagu horiek kendu ezkero oroimenak ere ez ote diren ezabatuko. Oker gaude. Nik asteburua pasa nuen erabiltzen ez ditudan gauzak eta arropak armairutik ateratzen. Eta onartu beharra daukat askoz arinagoa sentitzen naizela. Askoz umoretsuagoa. Eta, batez ere, ilusioa egiten dit nire armairua beteko duten arropa eta gauza berri horietan guztietan pentsatzeak. Utikan ezertarako balio ez duten lehenaldiako objektuak.

Erretiroa

Arrakasta izateko, edozertan, ezinbestekoa da erritiratzen jakitea. Eta noiz alde egin behar den jakiteko gutxienezko inteligentzia dosia behar da. Valentino diseinatzaile handiak esan berri duen bezala, “onena, festa jendez beteta dagoenean uztea da”. Urte asko eman ditu italiarrak moda munduan. Inork ez du ukatuko arrakasta lortu duenik. Bere abizena hizki handi eta gorritan idatzia geratu da liburu potoloetan. Valentinoren izena eta elegantzia pareko dira, sinonimoak. Pasa den irailean moda kontuetan eman dituen 45 urteak ospatzeko era guztietako desfileak, erakusketak eta jaiak antolatu zituzten. Haren ostean erabaki omen zuen agur esatea. Hobe delako garaiz eta une egokian erretiratzea poliki poliki gainbehera ezagutzea baino.

Kosta egiten da jendez betetako gela batean sartzea. Lotsa moduko batek astintzen gaitu estreinakoz nonbaiten burua sartu eta zaren bezala azaldu behar duzunean, zer daukazun erakutsiz eta zer eman nahi duzun agertuz. Eta are gogorragoa da eskailerak igo eta gero, azken pisura iritsitakoan beherako bidea egitea. Erosoa da gailurra. Gustagarria egindako agaleginaren osteko saria. Eta nekeza behera jaistea. Mendizaleek ere, behera jatsitakoan esaten dute gailurra lortu dutela. Egindakoak iraungo badu, jende artetik apal ateratzen jakin beharko genuke. Beste diseinatzaile handi batek esan zuen elegantzia dela jendez betetako festa batean inor ez jabetzea noiz sartu zaren, baina alde egiten duzunean mundu guztiaren oroimenean geratzea. Bizitzaren metafora.

Uda

“Aber ba noiz hasten dan egualdi ona”. Egunotan gehien entzun dudan esaldia izan da hori. Eta ez naiz harritzen. Uda hanka puntetan dator aurten, poliki-poliki, lotsati, beldurtuta bezala. Kalendarioa ekaineko soinekoarekin jantzi zenetik muturra ageri du. Baina eguzkiak ez du txapelik kendu eta orain arte lainoek irabazi dute zeruko borroka. Euria barra-barra eta ibaia gainezka. Uholde usaina kale bazterrean eta jendearen mutur luzea aterki azpian ezkutatu ezinik.

Panorama honen aurrean nire gurasoen etxe pareran bizi diren etorkinak etortzen zaizkit burura. Ez dakit nongotarrak diren baina apostu egingo nuke baietz Karibean jaio eta hazitakoak izan. Gizonezkoak kamisetarik gabe ateratzen dira leihora, erdi biluzik, baita haize freskoa eta giro umela dagoenean ere. Alabatxoaren adats luzea mototsean bilduta ikusten dut, txikle eta goxokien koloredun gomaz lotuta. Eta leihoa parez pare irekita izaten dute, kanpotik nork zer ikusiko batere erreparatu gabe. Kalean bizi dira karibearrak, eta bizi-poz hori nabari zaie. Atsegin dut beren umorea. Gustuko zait haien musika. Bizipoza sartzen zait euria dela-eta pertsiana bajatu asmoz leihora urreratu eta neskatxoaren koleta musika karibearraren erritmora mugitzen ikusten dudanean, dantzan. Neuri ere sartzen zait dantzarako gogoa, uda bertan balego bezala. Dominikar errepublikatik modan zegoen abeslariaren musika ekarri nuen, Frank Reyes. Haren saltsak, regetoiak eta merengeak egunik grisena ere alaitzen didate. Eguzkiak bakarrik ez du ekartzen uda.

Perfecto

Mikel Erentxunek eta biok zaletasun bera daukagu: larruzko txupak. Duncan Dhu taldeko sortzaile eta abeslaria izan zenak hala esan du berriki elkarrizketa batean. Larruzko kazadora bat ikusten duen bakoitzean tentazioan erortzen omen da. Ezin erosi gabe geratu. Eta niri antzeko zerbait gertatzen zait. Zuria, beltza, marroia, gorria, berdea… Kolore guztietako txupak ditut eta hauek dira gure etxeko armairuan irauten duten bakarrak. Egunen batean nire alabak ere estiman izango dituela iruditzen zait-eta. Kontua da Erentxunen txupa gustukoenetarikoa “Perfecto” estilokoa dela, Marlon Brandonek eta James Deanek jazten zuten mitiko hura. Eta, zer diren gauzak, neuk izan nuen estreinako txupa “perfecto” horietako bat izan zen, aizue. Gogoan daukat nire izeba Joneren lagun bat Londresera joan zela eta handik ekartzeko eskatu nion. Kremalleradun kazadora labur horietakoak ziren, garai batean heavyak erabiltzen zituztenak. Eta nire gaztaroan Londresen zeuden eskura. Hura ilusioa egin zidana txupa hura jazteak! Beste inor baino modernoagoa nintzela sentitzen nuen.

Gaur egun gauzak oso bestelakoak dira. Nahi duzun edozer eskura daukazu sarean. Internet mundu osoko eskaparatea da eta edozer eros dezakezu. Eta ez da gauza bera, keba. Portzierto, Duncan Dhuren lehen diskoko singlea Casablanca deitzen zen. Nire pelikularik gustukoena. Garbi dago Erentxunek eta biok uste baino gauza gehiago ditugula amankomunean. Hara, “Cien gaviotas” entzuteko gogoa sartu zait. Zeinen nostalgikoa naizen batzuetan!

Super….

Kontatu beharra daukat, ze bestela eztanda egingo dut. Hara, kasualitate bat bizi izan dut enegarren aldiz. Oraingoan txikitako oroitzapen batek astindu nau behin eta berriz. Zutabe honetan aitortu izan dut lehenengo aldiz noiz enamoratu nintzen: zazpi urte inguru nituen eta gure herriko Odeoi antzokian Superman bota zuten. Supermanekin maitemindu nintzen eta uste dut orduan erabaki nuela egunen batean kazetaria izango nintzela. Bada, urte luzez pelikula ikusi gabe egon eta gero lagun batek utzi zigun dvd-a, remasterizatutako kopia, eszena estra eta guzti… Domeka gaua aukeratu genuen ikusteko, Duna lotaratu eta gero. Egun horretan bertan, telebistako zapping batean Supermanen inguruko zenbait bitxikeria bota zituzten. Hara! Pentsatu genuen Gorkak eta biok, kasualitatea. Eta astelehen goizean, Christopher Reeve eta Marlon Brandorekin flipatu eta gero, zer eta mutil gazte bat ikusi nuen korrika saioan Supermanen ikurra den S famatudun kamiseta jarrita. Hasita nengoen pentsatzen hirugarren kausalitate bat gertatzear zegoela. Bazkalorduan Gorkak kontatu zidan aurten San Ferminetarako Supermanen kamisetak atera dituztela. Bestela esanda, Supermanen S famatua imitatu dutela Super San Fermin itxurako elastikoak ateraz. Hortxe konklusioa! Indar ezezagun batek San Ferminetara bidali nahi ninduen. Eta ni zintzoa naizenenz, kasu egin nion. Asteburuan San Ferminetan izan nintzen superheroia sentitzen den jende andanaren erdian super emakume baten antzera sentituz. Hori bai, oinak lurrean. Hega egiteak bertigoa eman izan dit beti.

Off

Sofan eserita topatu nuen Gorka. Telebista itzalita zegoen, musikarik ere ez zeukan jarrita, liburua itxita. Pentsakor aurkitu nuen. Arraroa egin zitzaidan. “Zer? Ondo zaude?” galdetu nion, emakumeok edozertaz eta etengabe galdetzen dugula dioen mitoa egiaztatuz. Baietz, berak. “Benetan?” nik, berriz, erantzunak konbentzitu izan ez banindu bezala, benetako bertsioaren egarri. “Baietz ba! Lasai-lasai nago isiltasunean” azaldu zidan Gorkak. Bere ondoan eseri nintzen eta halaxe egon ginen biok une batez, isiltasunaz gozatzen. Beste ezer egin gabe. Hitzik esan gabe. Batere pentsatu gabe. Burua off. Eta gustura. Ez dakizue zeinen gustura, aizue! Gutxiegitan sakatzen dugu off botoia. Etengabe zerbait egiten ari gara. Gizarte aktibo batean bizi gara eta momentua aprobetxatzea badirudi aktibo egotea dela: lanean, kirola egiten, irakurtzen, haurrarekin jolasten, bikotearekin hitz egiten, etxea jasotzen, lagunekin afaltzen, oporrak prestatzen…. Ez al da nekagarria? Benetan erlaxantea da ezer egin gabe egotea. Soilik egonean. Isiltasunak bereganatzen gaituela sentitzen. Burua airean, folio zuri bat bezain garbi. Opor garaia da, une aproposa gauza berriak ikasteko. Egin aproba. Pasibitatea landu aspertu arte. Beste guztia egiteko denbora aterako dugu beranduago. Astia badago. Ordenadoreak ere, trabatzen direnean, itzali egiten ditugu berriz martxan jartzeko. Antzekoa da gure burua. Instante labur batez bada ere, sakatu botoia. Egin off. Estimatuko duzue.

Txiki-txiki…

…txikia, ikusten naiz kalean…Abesti hauxe da nire alabak gehien atsegin duena. Lotaratzeko ezin hobea da. Kantatzen hasi bezain pronto, adi-adi entzuten du letra eta loak beregenatzen duen arte hortxe egoten da, ixil-ixilik. Ez dakit abestiak eraginda den edo haur guztiek antzera jokatzen ote duten baina, kontua da, Dunak txikikeriak gustuko dituela. Hobeki esanda, gauza txikien mundua atsegin du. Zenbat eta txikiago, orduan eta irrika gehiago eragiten dio. Ogi pusketak zenbat eta mami gehiago, are gustagarriago ze, mamia bere hatzapar txikiaz hartu eta bolatxo nanoak egin arte txikitxen du ahoan sartu aurretik. Gure alabak lurretik belar pusketak harrapatzea atsegin du eta arropen etiketei begira orduak pasatu ahal ditu. Alferrik oparituko diozu jostailu erraldoi bat, berak askoz arreta gehiago jarrito baitu zure alkandoraren botoian. Txikiaren handitasuna baloratzen du berak eta guri, nagusioi, txikia den ororen presentziaz ohartarazi digu. Izan ere, handitzen goazen neurrian handia den edozerk tentatzen gaitu. Handia hobea balitz bezala. Zenbat eta handiago izatea baliotsua balitz bezala. Diru kantitate handia, neurri luzea, auto handia, bi solairutako etxetzarra….

Txikien erreinuan gauza txikiek agintzen dute, baina adinean aurrera egin ahala handiak izateko presa daukagu. Eta nagusitzean, gauza handiak eskuratzen galtzen dugu denbora; txikiak gineneko hainbat eta hainbat une zoriontsu nostalgiaz gogoratzen ditugun bitartean. Nire lagun batek dioen bezala “nik, handitzean, txikia izan nahi dut”.

Ezpainetakoa

Aspaldian ez ditut ezpainak margotu. Gazteago nintzenean bai. Garai hartan gustatu egiten zitzaidan kolore gorriz pintatzea ahoa. Ausartago sentitzen nintzen eta beti pentsatu izan dut ausardia beharrezkoa dela bizitzan. Baina, esan bezala, badira urte batzuk ez dudala karminik erabili. Nagusiago ikusten naiz ezpainak gorrituta. Halere, karmin zale amorratua naiz. Aldizkarietako iragarki sentsualak atsegin ditut. Gustatu egiten zait dendan sartu eta ezpainetakoen apalean kuxkuxeatzea. Nire ezpainak arrosaz, gorriz edo marroiz nola geratzen diren probatzea. Eta ez naiz bakarra. Hara, Rachida Dati Frantziako Justizia Ministroa da eta egunotan komunikabideetan azaldu da haurdun dagoelako. Tira, bikoterik izan gabe haurdun geratu delako izan da egunotan albiste Dati. Berak esan du haurdunaldia ondo badoa, berak bakarrik haziko eta heziko duela bere haurra. Eta horrek zoriontsu egiten duela. Eta berak esana da, baita ere, haurra galduko balu, ezpainak margotu eta aurrera egingo lukeela. Niri bezala, Rachidari ere ezpainak margotzeak ausardia ematen omen dio. Eta bada beste emakume ezezagun bat egunotan epaituko dutena, museo batean ikusi zuen Cy Twomblyren margo bat musukatu eta karminaren arrastoa bertan utzi zuelako. Edertasunak liluratuta musu ematearen tentazioan erori zen emakumea. Baina bere maitasun-aitormena ez dute ulertu.

Badu zerbait berezia karminak. Makal sentitzen naizen egunean aproba egingo dut berriz. Nezeserretik aterako dut ezpainetakoa. Ea oraindik ere ausart egiten nauen.

Hasiera

Hasiera zalea naiz ni. Iruditzen zait hasiera dela gauzarik inportanteena. Jaiotzen garen unetik, edo gure seme-alaben jaiotza ikusten dugun momentu horrexetatik hasita. Hasieran dago gauza ororen muina. Eta hasteak dauka, beste ezerk baino gehiago, itxaropenaren eta etorkizunaren dosirik handiena. Liburuetan, esaterako, Saramago handiaren hasierak bikainak dira; eestreinako esaldi edo paragrafoan geratzeko bezalakoak. Edo James Bond-en pelikulak. Ez naiz 007 zalea, baina tokatu zaidanean pelikularen bat ikustea, onartzen dut hasierako akzioaren zurrunbiloak engantxatu egin izan nauela. Maitasun istorio baten hasiera ere hain da ederra! Hain da eroa, zoroa, ñoñoa, apasionatua…. Oporrek ere ez dute xarma bera hasierako egunetan edo bukaeran. Laneko lehen egunek ere gustagarria egiten den zerbait duten bezala. Errutinara itzultzeak biak sorteen baititu, nagia eta irrika.

Galdetu bestela zientzialariei zeinen garrantzitsua den hasiera! Irailaren 10ean, historian izan den esperimentu zientifiko handienari hasiera eman zitzaion: LHC Azeleragailua jarri zuten martxan. Zertarako? Unibertsoa nola sortu zen jakiteko, besteak beste. Horra, guzti-guztiaren hasiera: izarrena, planetena, Lurrarena… Geure hasiera, azken batean.

Hasierarik gabeko bukaera ez dagoelako. Eta hastea askoz zirraragarriagoa delako amaitzea baino. Horrexegatik bilatzen dugu etengabe zerbaiten hasiera. Eta horrexegatik, hain justu, “ametsak” eta “hasiera” hitzak sinonimotzat hartuko nituzke nik.

Bizirik

Eta bat batean, irratia piztu eta abesti berri bat entzuten duzu. Eta kanta horrek dantzan jartzen zaitu. Tarteka gertatzen delako hori, doinu berri bat entzun eta behatzetan hasi eta ile puntetaraino igotzen den zirrara bat sentitzea. The Killers-en azkena, esaterako.

Eta egun berean aspaldi ikusi ez duzun lagun batekin akordatzen zara. Deitu behar diozula pentsatzen duzu. Ea nola bizi den jakin nahi duzula. Eta, bat batean, eguna amaitu baino lehen, zure telefonora mezu bat iristen da. Goizean burura etorri zaizun lagun horrek idatzi dizu. Zure antza zuen norbait ikusi duela Bilbon, eta ea nondik zabiltzan jakin nahirik. Batzuetan gertatzen dira horrelako kasualitateak ere. Enerjiak. Eta irribarrea marrazten zaizu ezpainetan. Telefonoa hartu eta deitu egiten diozu: Julen, aspaldiko!

Tarteka gustuko kontzerturen batera joateko aukera izaten duzu. Gustuko konpainian. Gorka eta Mariarekin. Aspaldiko partez zerbeza batzuk hartu, bokata bat jan eta jende artean galdu. Ezezagun horiekin guztietan gauza bakarra konpartituz, musikarekiko, musiko batekiko zaletasuna. Eta airean ateratzen zara kontzertutik. Inoiz izan den kontzerturik onena balitz bezala.

Eta bat batean zure alabak zuk eskatu gabeko musua ematen dizu. Eta besarkatu egiten zaitu eta irribarre egiten dizu. Dunak. Eta bere begietan ikusten duzu zure beharra duela. Eta bizitza zeinen ederra den konturatzen zara. Zure eguneorkotasunean, gauza nimiño horiek guztiak direlako bizirik sentiaratzen zaituztenak.

Paul

Nire nerabezaroa bi ilehorik markatu zuten. Juanitok eta Paulek. Bata fikziozokoa zen: Juanito. Esther y su mundo komiki-zale amorratua nintzen. Liburudendara joan eta irrikaz erosten nuen astez aste. Esther, Rita eta Juanitoren abentura berriak noizbait niri ere gertatuko zitzaizkidala amesten nuen. Estherrekin sufritzen nuen Juanitok kasurik ez ziola egiten irakurtzean. Halakoxea baitzen ilehoria, neska-zalea.

Bestea, Paul, pantalla handian ikusten nuen. Edo etxeko telebistan. Paulen begi urdinek ikusi nituen estreinako unean liluratu ninduten; maitemintzea, maitasuna eta antzeko sentimenduak zer ziren oso ondo ez nekien arren.

Juanitoren aldizkariak eskolako karpetan sartuta eramaten nituen. Eta Paulen posterra neraman karpetaren azalera itsatsita. Neskazalea lehenengoa, eta bizitza osoa emakume berarekin pasa duena bigarrena, Paul. Bata zein bestea, biak gustuko niretzat.

Urteak pasa dira garai haietatik. Estherren abenturak aspalditxo amaitu ziren baina duela bi urte istorio berriekin itzuli da Purita Campos komikigile handia. Paul asteburuan zendu da. Eta nire bihotza txikitzen sentitu dut. Penaz. Kariñoa nion Newman-i, eta pena eman dit bere heriotzak. Hori dute hezur haragizko maitasun platonikoek: ez direla berpizten.

2009

Berbak

Bla, bla, bla. Hitzak, esaldiak, perpausak, paragrafoak. Arma arriskutsua dira hitzak. Inork ez dezala ezer esan aldez aurretik ondo hausnartu gabe. Inork ez diezaiola inori ezer kontatu, aldez aurretik pertsona hori nor den konprobatu gabe. Garesti daude hitzak demokraziaren aroan. Bakea lortzeko mahai baten hitz egitea delitua da. Askoz hobe dira armak helburuak lortzeko berbak baino. Garesti daude hitzak, eta batzuk bakarrik erabili ahal dituzte. Alberdi polítiko guztiek ez daukate hitza erabiltzeko eskubiderik. Herri-galdeketak ere legez kanpo daude. Egunkariak itxi izan dira. Baina, demokrazia ez al da herritarrek iritzia emateko eta aukeratu ahal izateko eskubidea izatea? Ez al da herritarrei ematea hitza? Zeren beldur dira agintariak? Zeri diogu beldur geuk? Bai ala ez esateari? Hain lehergailu arriskutsu eta hilkorrak al dira, bada, berbak?

Ironikoa da jakitea politikariek komunikazio aholkulariak dituztela, coach edo entrenatzaile antzekoak, mitinetan zer eta nola esan behar duten jakiteko. Diktadura garaian hitza debekatuta zegoen. Are gehiago euskaraz esandako hitza bazen. Eta gaur egun, oraindik ere, munduari errepaso bat eman besterik ez dago hitzari batere lekurik egiten ez zaiola ikusi ahal izateko. Alferrik esango dio munduak Israeli su-etena ezartzeko. Hamas-i ere bost munduak zer esaten duen. Zertarako hitzekin negoziatu misilak eta suizidak izanik? Inozoak bakea berbekin lortu ahal dela sinesten dugunok. Hitza, gaur egun, prostituta bat da boterearen atzamarretan harrapatua.

Hiltzaileak

Hiltzaileak gara. Denok. Inor ere ez da errugabea. Gu, geure krisiarekin hain kezkatuta gauden guztiok, hiltzaile batzuk gara. Milaka, milioika haur hiltzen uzten ditugulako gara hiltzaileak. Gosez eta egarriz. Guretzat erabat gaindituta dauden gaitsotasunek jota hiltzen ari direlako. Begiak estalita bizi gara. Hipoteka, autoa, soinekoa eta oporrak nola ordaindu ahal ditugun. Hori da gure kezkarik nagusiena. Haserre gaude bankariekin gure diruarekin puztu dituztelako poltsikoak. Baina haserre gaude orain, gure diru-apurrak arriskuan ikusi ditugunean. Lana galtzeko zorian gaudenean haserretu gara. Oso haserre gaude orain, geuk babestu eta gozatu dugun sistema kapiltalista neoliberal honek porrot egin dezakeela ikusi dugunean. Orain arte hain ondo eta eroso bizi ginen… Gaur arte aurrezki kutxek inolako arazorik gabe ematen zizkiguten maileguak gure ametsak erosi ahal izateko. Eta arnasa lasai hartu dugu gobernuek banku handienetan dirua sartu dutela jakin dugunean. Eskerrak! Gure diruak salbu daude! Munduan gosez eta egarriz hiltzen direnei laguntzeko dirurik ez dago, baina bankariei laguntzeko bai. Sistema kapitalista eusteko bai. Gu lasai gaude gobernuek krisi honetatik salbatuko gaituztelako. Eta berriz ere amestu ahal izango dugulako 100 metro karratuko etxea erostearekin. Bitartean, hiltzen ari diren umeen begiradak batere ez du balio. Haientzat ez baitago dirurik. Horregatik gara hiltzaile. Hau guztia onartu egiten dugulako. Eta horrek, konplize bihurtzen gaituelako.

Mrs. O

Michelle Obamak ohitura dauka bere senarraren “akatsak” jendaurrean azaltzeko. Esaterako, hitzaldi jendetsu batean kontatu zuen Barak-ek beti lurrean botata uzten dituela galtzetinak. Bada, edozein gizonek dituen akatsak dituela jakiteak gertukoago egiten dute Obama, sinesgarriago. Hori guztia ondotxo daki Michellek. Emakume indartsua dela begibistan da. Anbiziosoa ere, esango nuke. Badaki zer nahi duen, eta badaki nola borrokatu behar duen hori guztia lortzeko. Eta iruditzen zait bertute handia dela hori.

Barak Obama AEBetako presidente izendatu zuten duela astebete. Eta zazpi egun nahiko izan ditu bere hitza beteko duela, edo bete nahi duela argi uzteko. Ole eta ole, Obamarentzat. Baina gaur Michelleren soinekoz hitz egin nahi dut. Senarra presidente izendatu zuten egunean “Auzokoen festara” eraman zuen soineko zuriaz. Besoak agerian uzten zituen soineko liluragarriaz. Michelleri gustatzen zaio besoak erakustea eta horrek emakume honen kemena nabarmentzen du. Izan ere, bere adineko emakume baten besoak normalean erortzen hasiak dira. Bigunak izan ohi dira. Bada, Michellek beso gihartsuak ditu eta ez dauka batere erreparorik maukarik gabeko soinekoak jazteko. Eta Barakek ez dauka batere erreparorik “Auzokoen festan” Michelle zeinen eder dagoen esateko, edo milioika pertsonen aurrean emaztearekin dantzan ari dela, maitasunez begiratu eta musu emateko.

Garai gogorrak datoz Obamarentzat. Lasaigarria da jakitea etxera itzultzen denean bere ematzearen beso gihartsuak izango dituela zain, babesa emateko prest.

Fashion

Cibeles Madrid Fashion Week. Hantxe bildu dira jantzien inguruko diseinatzaile abangoardistenak. Eta erakutsi dutenez, arropa kontuetan ere sormenak ez du mugarik. Esaterako, Agatha Ruiz De la Pradak aterkia buruan jarrita desfilarazi zituen modeloak. Eta Jesus Del Pozok ipurdia bistan uzten zuen soineko bat erakutsi zuen. Ausartak? Lotsagabeak? Denetik entzuten da modaren inguruan, artea halakoxea baita, ez ditu gustu guztiak asetzen. Batzuetan gehiago izaten da zer-esana ematea. Jendeak hitz egin dezala, onerako edo txarrerako. Hobea baita kritikatua izatea inork zure inguruan hitzik ez esatea baino.

Eta zeresana ematearen hariari tira eginaz, adierazpen harrigarri batzuk irakurri nituen asteburuan. Andrés Madrigal sukaldaria da. Michelin izar bat dauka eta Gourmetour gidaren arabera 2008ko jatetxerik onena. Bikain. Eta tentagarri, nola ez. Halere, elkarrizketa batean kontatu du bere alaba jaio zenean haren plazenta jan zutela. ?????? Laranja, karamelu eta piperbeltz pixka batekin egin eta dena irabiatu zuen. Batido modura edan zuten bildu ziren 8 lagunek. Hitzik gabe utzi nau, benetan. Duna jaio zenean gogoan daukat atentzioa eman zidala bere plazentak. Entzun izan dut batzuek gibel itxurako organua pote batean sartuta eramaten dutela ospitaletik eta gero landatu egiten dutela. Zortea ematen omen du. Madrigales berak ere esan zuen bitamina asko dituela eta oso ekintza espirituala dela plazenta jatearena. Tira, hala izango da. Garbi dago hainbat gauzatan ez naizela batere fashion.

Neira

Tira, Neira Maisua esan beharko nuke, ez? Hala ezagutarazi dute komunikabideek, “Profesor Neira”. Galdera bat datorkit burura: Irakaslea beharrean, igeltseroa balitz, Neira Igeltseroa jarriko al lukete titularretan?

Barka aurkeztu ez badut, baina pentsatzen dut gaur egun guztiok ezagutzen dugula iazko abuztuan ustez tratu txarrak jasotzen ari zen neskaren bikoteari “errieta” egin zion gizona. Jipoia jaso zuena eta koman egon dena: Jesus Neira.

Iskanbila sortu du gaiak, batez ere neskak, Violeta Santander, tratu txarrik ez zuela jaso adierazi izan duelako behin eta berriz. Iskanbila sortu du eta telebista platotan agertu izan den neska hau gogor kritikatu dute. Besteak beste, Neira maisua hilko balitz Espainiatik harrika bota beharko luketela esan izan diote. Violetari ez zaizkio barkatzen bi gauza: tratu txarrik ez zuela jaso esatea, eta ederra izatea. Bi bekatu horiek daramatza bizkar gainean. Horiek dira bere gurutzeak.

Eta kontraesan handi bat dago. Baldin eta jende guztiak uste badu neska jipoitua izan zela eta itsu dagoela, zergatik ez diote laguntza eskaintzen? Harriak bota beharrean ez al liokete eskua eman beharko?

Orain badirudi Madrilen Emakumeen kontrako Tratu Txarren Behatokia Neira Maisuak zuzenduko duela. Neira igeltseroa balitz ere eskainiko al liokete postua?

Tira, edozein modutan, Neirak labezomorro batekin parekatu du Violeta. Hori al da berak zuzenduko duen behatokiak tratu txarrak jasaten duten emakumeei esakiniko dien laguntza? Usain txarra duten korapilo gehiegi daude kontu nahasi honetan.

Sharon

Orain gutxi ikusi nuen aldizkari bateko kontrazalean, zimurren kontrako krema bat iragartzen. Gorkak ere jaurti zuen galdera: Zein da hau? Sharon? Bai, nik, bera omen da. Eta Sharon zen, nola ez. Baina duela 10 urte baino askoz gazteagoa. Brad Pittek egin berri duen azken pelikulako protagonista bezala, hainbat aktorek ere badirudi denboran atzeranzko bidea egiten dutela. Zahartu beharrean, gaztetu egingo balira bezala. Horixe da guri saltzen diguten irudia. Photoshop eta antzeko programak erabiliz, azalaren tonua berdintzen diete, behar den lekuan masailak findu, begi eta ezpain ertzetatik zimurrak ezabatu, begiradari dirdira garbia eman… Edozerk balio du ederragotzeko. Eta ederra gaur egun gaztetasunaren sinonimoa da, ez?

Garai batean askoz argiago izaten nuen zein zen hainbat pertsonaia publikoren eta nire artean zegoen adin diferentzia. Garbiago antzematen zen nork zituen 20 urte eta zein zebilen 50etik gertu. Ez zen arkatz digital miragarririk existitzen.

Urte osoan saltzen dizkiguten irudi perfektuak biderkatu egiten dira udaberritik aurrera. Amorrua ematen du ispilura begiratu eta zure aurpegian sortu den zimur hori begiratzeak, zu baino dezente nagusiagoak direnak nola gaztetzen dituzten ikusten duzun bitartean.

Gorkak esan bezala, iritsiko da eguna non biok 70 urte inguruko aguretxoak izango garen. Halako batean, aldizkari bateko kontrazalean aurpegi ezagun bat ikusiko dugu, batere zimurrik gabekoa. Leuna, ederra, garbia. Eta gaztea. Zein da hau? Sharon? Galdetuko du Gorkak. Bai, erantzungo diot nik.

ACDC

Gustuko ditugun gauzen alde askoz errazago eta gehiago mobilizatzen gara protesta egiteko baino. Krisia dela-eta, milioika lanpotu galtzen ari dira. Jendea hipoteka ordaindu ezinik dago. Etorkizuna beltzez tindatua dator. Aditu guztien arabera ezkor izateko askoz arrazoi gehiago ditugu itxaropentsu bizitzeko baino. Hau desastrea da. Baina aho txikiarekin bakarrik egiten dugu protesta. Inguruan, familian, lagunartean bai, zirkulu itxietan onartzen dugu hau ez doala ondo, munduaren norabidea aldatu egin behar dela, lotsagabe apur batzuk aberastu diren bitartean, milioika pertsona miseriara abaildu dituztela. Kexatu egiten gara krisia dela-eta, baina ahots baxuaz hitz egiten dugu. Ez gara manifestaldietan ateratzen. Ez dugu oihu egiten soluzioak lehenbailehen eskatzeko, errudunen kontra zorrotz jokatu behar dela esateko, gure lanpostuak mantendu nahi ditugula aldarrikatzeko.

Baina gai gara gustuko kontzertu batera joateagatik gau osoa emateko kalean sarrerak erosi ahal izateko. Kapaz gara ACDCren kontzertuan lehen ilaran egoteagatik 36 ordu lehenago iritsi eta kafesnez betetako termoa eskuan egun eta erdi pasatzeko zain.

Kontzertuek jende gehiago mugiarazten dute mitin askok baino. Musikariak politikarien lekuan jarriko balira, agian manifestaldi populatsuak eta aldarrikapen ugarien aldeko plazaratzea egingo genuke. Auskalo, batek daki.

Kontua da ihes egiteko mekanismoek askoz erakarpen handiagoa dutela oinarrizko eskubideen aldarrikapena egiteak baino. Bizi dugun aroaren seinale garbia da hori.

Ezer ez

Aspaldion ez zait ezer gertatzen. Ezer berezirik, esan nahi dut. Eta ez dakit hori ona ala txarra den. Zelan? Ondo? Bai, betiko moduan. Zaharrak berri. No news. Tira, berri txarrak izan baino hobe dela beti bezala jarraitzea, ezta? Horretxek kontsolatzen gaitu, gauzak aldatzen hasten badira agian okerrerako bidea hartuko dutela pentsatzeak. Horregatik esaten dut ez dakidala ona ala txarra den aspaldi honetan ezer ez gertatze hau. Egun bata eta bestea eta hurrena oso-oso antzekoak dira. Esnatu, gosaria prestatu, ordenagailua piztu eta zerbait idazten saiatu, bazkaria egin, siestatxoa, umearekin bueltatxoa kalean…. Errutina deitzen zaio honi. Tira, badu alde onik ere, ez pentsa. Izan ere, inguruan gertatzen den ororekin askoz gehiago fijatzen zara. Lagunen batekin telefonoz hitz egin eta bere bikoteari ultimatuna jarri diola entzutea apasionatua iruditzen zaizu. Eta enamoratu berri denak bere sexu jardunaldi sutsuak deskribatzen entzutea plazerra da. Abentura bat iruditzen zaizu supermerkatuan txorizoa promozionatzen ari denak pusketatxo bat eskaintzea. Edo telefono enpresa baten deia jasotzea euren zerbitzuari buruzko galdeketa egiteko.

Horixe du ona ezer ez gertatzeak. Korreo elektronikora iristen zaizun edozein mezu irakurtzen duzula, edozein bideo ikusten duzula, edozein abesti entzuten. Eta hunkitu egiten zarela. Koltxoi enpresa batek egin duen iragarkiarekin gertatu zaidan bezala. Etxean erditu duen emakume baten irudiak azaltzen ditu. Hori bai dela zerbait potoloa gertatzea. Ama izatea. Ezta, Nere?

Titanic

Titanic untziari gertatu zitzaionaren antzekoa pasa zait niri: horma zuri baten kontra talka egin dut. 1912ko apirilaren 14an izozmendi erraldoi baten aurka jo zuen itasontziak. Nik ordenagailuko orri zuriaren kontra egin dut tupust. Eta panikoa sentitu dut, benetan. Zerbait idatzi nahi eta ezin. Zerbait kontatu nahi baina hutsik. Gaurkotasunarren hariari tira egin baina inspiratuko nauen gairik topatu ez. Irakurleak etorri zaizkit burura. Batzuei izena eta aurpegia jartzen diet, Sallobenteko Andoniri, esaterako, “Sharonen erretratu haura ikusi nabanian neuk ere horixe pentsatu naban!”, esan zidan behin, artikulu bati erreferentzia eginez. Begoñari izena bakarrik jarri ahal diot. Begok e-mailez bidaltzen dizkit bere hausnarketak. Aste honetan ezingo diot, bada, pentsaraziko dion zerbait kontatu. Amarekin akordatu naiz, noski. “Zergatik ez duzu Corin Telladoz idazten? Bere nobelek bizirik sentitarazten ninduten gaztetan”. Baina neuk ez dut sekula Corinen eleberririk irakurri. Behin elkarrizketa batean entzun niona gustatu zitzaidan, “Senarrak esan zidan ondo ematen nituela musuak. Eta nik erantzun nion musuak ematen ikasi nuela musuei buruz idazten”.

Musika jarri dut, Titanic-eko bandak egin zuen bezala, heriotza ahalik eta lasaiena eta atseginena izan dadin. Baina Chambaoren abestiek beti Andaluzia ekartzen didate gogora, eta oporrak, eta eguzkia. Ihes egiteko gogoa sartu zait. Ordenagailua itzaltzeko. Hitz txikiz eta gai xumez eraikitako salbamendu-txalupa batetan bidaltzen dizuet aste honetako zutabea.

Tristura

Horixe sartu zait Andrés Velencoso modeloaren elkarrizketa irakurrita: tristura. Egunkari honekin batera igandero banatzen den aldizkarian bada atal bat “Desayuno de domingo con…” deitzen dena. Bertan, ezagun bati elkarrizketa laburra egiten zaio domekatan zer gosaltzen duen kontatzen duen heinean. Bada, Velencosok ahabiak (arandanoak), mugurdiak (franbuesak) eta masustak gosaltzen omen ditu. Goxoak izateaz gain, “antioxidatzaileak dira eta zahartze prozesua atzeratu egiten dute”. Tira, pisuzko arrazoiak, kontuan izanik Andrés modeloa dela. Bada, esan bezala, niri tristura sartu zait. Hara, gosaria da eguneko plazer handienetariko bat. Esnatzeak nagi gutxiago ematen dit gosaltzeko ordua iritsi dela jakinda. Nire laranja-zukua, kafesne katilua eta… edo madalenak, edo ogi-xigortua gurinarekin eta mermeladarekin, edo zerealak…. Zerrenda luuuuuuuzea eta oparoa idatziko nuke hemen. Elikagai goxoz eta osasuntsuz beteriko zerrenda. Fruta, barruak freskatzeko eta beharrezko osasun-dosia barneratzeko. Esnekia, hezurrei kaltzioa emateko. Eta bestelakoak indarberritua hasteko eguna eta, batez ere, arimari ez ezik, gorputzari ere plazerezko mokaua emateko.

Igande goiz perfektua eguzkiaren epeletan terraza baten esertzea da. Aparraz betetako kafesne basokada eskatzea. Eta egunkaria irakurtzen duzun bitartean, plantxan egin berri dizuten kurasana jatea. Zahartze prozesua ez duzu atzeratuko beharbada, baina duzun adina daukazula, bizirik sentiaraziko zaitu. Ahabiak eta masustak? Faborez, Andrés!

36

Ez da koefiziente zenbakia. Ez da oinetakoa zenbakia. Ez da, ezta ere, titulu unibertsitarioen zenbakia. Baina 36 zenbakia behar-beharrezkoa da lana izateko. Izan ere, Vogue aldizkarian lan egin nahi duenak, Estatu Batuetako edizioan, ezinbestekoa du 36 zenbakia janztea. Horixe da kurrikulumean azpimarratu behar dena Anna Wintour-entzat lan egiteko.

Berlusconik, izerdia kentzen duen bakoitzean, bere bekokia makilatu egiten du. Beltzaran egotea atsegin du, antza. Hauts marroiaren sentsazioa gustatzen zaio masailetan. Ederragoa ikusten du bere aurpegia. Eta gazteago. Izerdia erruz botatzen du urduri dagoenean, eguzkia egon ala ez. Aspaldion baditu kezkatuta egoteko motiboak, eta makilajetan inoiz baino gehiago ari omen da gastatzen. Ez dakiguna da diru publikoa erabiliko ote duen terrakota hautsak erosteko.

Dietak nonahi. 12 urteko nerabeen iztarrak zelulitiaren kontrako kremak iragartzen. Zimurren kontra, dordoken geneetan dagoen ez dakit zein osagai. Autobronzeadoreak eguzkiaren ordez. Ezpain gorriak krisiari aurre egiteko. Berlusconiren makilajea errealitateren izerdia ezabatzeko. Eta 36 neurriaren tirania krisi garaian lana topatzeko.

Eta hortxe dugu Susan Boyle. Ahots zoragarria duenik ez du inork ukatuko. Baina, ez du 36 neurria janzten. Eta ez du aurpegia makilatzen, polita ez den arren. Halere, arrakasta lortu du. Edo horregatik lortu du arrakasta, agian. Den bezalakoa izateagatik, ahots eder bat gorputz itsusi baten barruan. Horrek zerbait esan nahi du, ezta?

Antonio

Astebete pasa da Antonio hil zenetik. Zazpi egun Vega gabe. Ez da asko. Agian gehiegi berari buruzko artikulo bat idazteko. Baina nik badut Antonio Vegarekin zuzenean lotuta dagoen bizipen bat. Ez nuen ezagutu. Ez nuen aurrez aurre izateko aukerarik izan. Ez naiz sekula bere kontzertu batera joan, nahiz eta bere abesti asko dakizkidan, abestu izan ditudan. Nahiz eta Antonio Vegak zerbait berezia eragiten zuen nigan telebistan ikusten nuen bakoitzean. Taula gainean agertzeko zuen jarrera ez-ohikoak. Artistak handitu egiten dira jendaurrean, puztu. Vega txikia ikusten zen, ahula, eta horrek sortzen zuen jendearekiko erakarpena.

Duela zenbait urte, egunkari batek “Lehen aldiari” buruzko erreportajea egin zuen; eta hor bildu zituen famatuen hitzak. Zenbait famaturen testigantzak. Hortxe zegoen Antonio Vega eta bere hitzek hunkitu egin ninduten. Egia esan, ez dut gogoan zer jartzen zuen. Sentsazioa daukat esaten zuenak besteko garrantzia zuela hitz horiek nola esaten zituen. Kontua da, Antonio Vegak bere posta elektronikoko helbidea jarri zuela. Eta nik erantzun egin niola. Sentiarazi ninduenaz hitz egin nion. Eta eskerrak eman nizkion bere sentsibilitateagatik. Bere lehen esperientzia sexualean lagun izan zuen emakumeari eskaini zizkion hitzak guztiok amestu ditugun lerroak ziren. Antonio Vegak nire mezua erantzun egin zuen, eskerrak emanaz nire hitzetan erakusten nuen sentsibilitatearengatik. Hortxe hasi eta amaitu zen gure artekoa. Sekula ahaztuko ez dudana. La chica de ayer, abesti bat baino askoz gehiago da niretzat.

Antzekoak

Barbie eta Michael Jackson ez dira hain ezberdinak. Nik antza hartzen diet. Adinean, ia batera jaio ziren. Ilehoriak 50 urte bete ditu aurten. Michaelek abuztuaren 29an 51 beteko lituzke. Barbieren urrezko ezteiak ospatzen ari dira mundu osoan dozenaka ekitaldiren bidez: diseinatzaile handien moda-desfileak, famatuen argazki-erreportajeak Barbiez jantzita, panpinaren urtebetetze-festaren inguruko albisteak…. Eta guztiok dakigu zergatik den albiste egunotan Michael: ezustean hil delako eta bere heriotzak hainbat zeresan sortu duelako. Atzo izan ziren hileta-ospakizunak, baina musika munduan disko gehien saldu dituen artistaren mitoa ez da sekula hilko.

Barbiek eta Michaelek antzekotasun handia dute, bai. Ilehoriaren web gunean irakurri dut esaldi hau: “Zu gabe plastikoa baino ez naiz”. Michael ere, taula gainean berpizten zen. Jendartean egiten zen handi. Barbie panpinak egiten dituen pertsona batek esandakoa da beste hau: “panpinak, errealitatezko elementuren bat izan behar du”. Michael ikustean ere, sarri pentsatzen nuen gehiago zuela fikziotik errealitatetik baino.

Barbieri buruz denetik idatzi eta esan izan da: feministak alde izan zituen garai batean. Gero, argalegia zegoela eta fribolitatearen eredu zela kritikatu zitzaion.

Michaeli buruz, berriz, zer ez da esan? Musikak eman duen jeinurik handienetarikoa izan dela, haurrekin gehiegikeriak egin zituela…

Barbie eta Michael. Panpina eta…. Hautsitako jostailua. Bai batak, bai besteak, seguruenik, ez du sekula benetan izan nahi zuena izatea lortu.

Aurreiritziak

Onartzen dut aurreiritzi batean erori naizela. Eta ez dakizue zenbat ernegatzen nauen horrek. Tira, hobe esanda, kezkatu egiten nau. Hara, pasa den astean gertatu zitzaidana kontatuko dizuet. Osasun zentrora joan nintzen emaginarekin ordua neukalako. Nire aldamenean Hego Amerikako neska bat zegoen eserita. Horrelakoetan ohitura daukat hitza emateko eta biok haurdun geundela kontuan izanik erraza izan zen berriketan hastea. Neska edo mutila daukagun, lehenengo haurdunaldia den edo aurretik beste seme-alabaren bat daukagun, sintomak, nekeak…. Une batean lan-kontuak atera ziren. Berak esan zidan oraindik ez duela baja hartzerik nahi eta nik automatikoki pentsatu nuen: gizajoa, auskalo zein egoeratan dagoen lanean. Asteburuan ere lan dezente zuela esan zidan, eta nik ostalaritzan aritzen zela pentsatu nuen, edo garbiketa-lanak egiten zituela. Halako batean zuzenean galdetu nion: zertan aritzen zara? “Medikua naiz, eta Donostiako klinika batean egiten dut lan”, erantzun zidan berak. Eta mutu geratu nintzen. Ez nuelako horrelakorik espero. Bere jatorrikoak nekez ikusten ditudalako lizentziatuta. Are gutxiago gure artera etorri eta ikasitakoan lanean.

Eta amorrua eman zidan hori pentsatzeak. Onartzen nuelako neska hori alemana edo italiarra zela jakingo banu ez nukeelako pentsatuko etxeak garbitzetik bizi zenik.

Normalizazioaz hitz egiten dugu, balore handiekin betetzen zaigu ahoa, eta oraindik ere aurreiritziz betetako bizitza da gure pentsamenduen oinarria. Eskerrak errealitatea hor dagoen belarritik tira egiteko.

Udako plazerak

Plazera guztiz deshinibitu da. Lehen, antza, plazera sentitzea lotsa gorritzeko arrazoia zen. Gaur egun, zenbat eta plazer gehiago izan, are eta zoriontsuagoa zara. Baina zerk ematen digu plazera? Zertan eman nahi genuke eguneko zatirik handiena? Festarik-festa? Lotan? Bikotearekin jolasean? Egin berri duten inkesta baten arabera, badirudi plazerik handiena jateak ematen digula. Eta horren ostean daude familia, bidaiatzea eta txokolatea. Bosgarren postuan, oso atzetik, sexua dago. El principe de Bel-Air telesailean bada esketx zoragarri bat horren inguruan. Bertan, hiru ahizpek sukaldean topo egiten dute gauerdian, lo egin ezinik. Zertan? Jaten. Eta haietako batek dio jateak sexuak baino askoz plazer handiagoa ematen diola eta, gainera, plazer horrek dezente gehiago irauten duela orgasmoak baino.

Opor-sasoian gaude. Eta goiko zerrendan aipaturiko elementu guztiak uztartzen ditu garai horrek: janaria, familia, bidaia, txokolatea eta sexua. Beharbada horregatik egoten gara urte osoa udara noiz iritsiko zain. Nahiz eta, askotan, etxera itzultzeko irrikaz egon berehala. Bidaiatzea nekagarria delako. Etxetik kanpoko buffetak betegarriak direlako. Egun osoa familiarekin pasatzea gehiegizkoa izan daitekeelako. Txokolatezko izozkiek arrastoa uzten dutelako gerri bueltan. Eta uste genuena baino sexu gutxiago praktikatu dugulako.

Banan-banan eta bakoitzari bere tokia emanaz askoz gehiago gozatzen da plazerez. Eta, ondo antolatuz gero, jateko, familiarekin egoteko, bidaiatzeko eta sexua praktikatzeko denbora urte osoan dago.

Astelehena

Logikak esaten digu gauzak astelehen batez hasi behar ditugula. Horregatik, logikagatik, astelehen baterako uzten ditugu dieta-hasierak, astelehen batez esaten dugu emango dugula izena kiroldegian, erretzaileek astelehena izan arte atzeratzen dute tabakoa uzteko erabakia eta, oro har, egiteko ditugun gauza horiek guztiak “astelehenerako” uzten ditugu. Logika esan dut? Tira, alferra esan nahi nuen; nagiak eragiten digulako berez egin nahi ez ditugun baina egitea komeni diren gauza horien atzerapena.

Ofizialki, astelehena asteko bigarren eguna da egutegi gregorianoaren arabera eta asteko lehen lan-eguna ISO 8601 arauaren arabera.

Bada, hasierako logikaren kontuari helduz, aste honetan gertatu zaidana kontatuko dizuet. Dunak bere estreinako eskola-eguna izan du. Uda osoa eman dugu eskolan hasi behar zuela eta irakaslearen izena errepikatuz, zenbat ikasiko duen kontatuz eta egingo dituen lagun berriak izendatuz. Egia esan, uste dut askoz urduriago nengoela ni neu alabaren lehen eskola-egunarekin, Duna bera baino. Izan ere, asteari egun bat kendu diot nahi gabe. Ikastolako lehen egunak astelehena izan behar zuela konbentzituta, irailaren 8ª, Arrate Eguna, astelehen bihurtu dut. Eta ez naiz ohartu asteartea zela, egunkaritik deitu didatenera arte nire zutabea ez dutela jaso esanaz. Ai ama!

Alegia, gauza guztiak ez direla astelehen batez hasten. Ezta domekan amaitzen ere. Eta zutabea idazteko gaia eman badit ere, presaka idatzitako hitz hauek azkenean demaseko astelehenarekin egindako artikuluaren usaina hartu dutela.

Albiste ona

Gutxitan izaten da aukera albiste onak irakurtzeko. Ez daudelako edo ez dutelako interesik sortzen? Auskalo. Edozein modutan, internet bidez iritsi berri zaidan notizia on bati buruz hitz egin nahi nuke gaur. Unicefek emandako datuen arabera, azken hogei urteotan gutxitu egin da haurren heriotza-tasa. 1999. urtean, batez beste, bost urtez azpiko 12,5 milioi haur hil ziren munduan. Aurten kopuru hori 8,8 milioira jatsi da. Zeri esker? Txertoei, osasun-laguntzari, bitaminei eta eltxo-sareei esker. Hau da, guretzat guztiz arruntak diren eta munduko hainbat bazterretan eskura ez dituzten baliabideei esker.

Kuriosoa da ze aste honetan bertan jarri diogu Dunari bere sehaskan dosel fuksia bat. Hantxe ibili ginen zein polita geratzen zen eta gure alabak orain benetako printzesatxoa dirudiela esaten. Dosela deitzen diogu eta dekorazio-elementu bezala erabiltzen dugu. Leku askotan, berriz, eltxoen kontrako armarik eraginkorrena da, eltxoek igortzen duten malaraiaren kontrako botikarik efektiboena.

Ezinegona sentitu dut. Eta amorrua nire buruarekiko. Alabaren logela “edertzeko” erabili dudan sare horrek milaka haur heriotzatik babes ditzakeelako.

Albistea ona da, bai. Baina, halere, 8,8 milioi haur hil dira aurten. Berez hil behar ez zuten haurrak. Pneumoniak, beherakoak edo desnutrizioak jota bost urte betetzera iristen ez diren umeak.

Ez dut dosela kendu alabaren logelatik, baina gazteluetan bizi diren printzesen ipuina beharrean, munduan bizi diren milaka haurrei eta eltxo-sareei buruzko istorioa kontatu diot.

Zibilizatu?

Haurrak basatiak dira, eta hori da beraien bertuterik handienetarikoa. Puruak dira, batere pentsatu gabe jokatzen dute, instintiboki. Gorputzak zer eskatu, hura ase. Helduok egiten ez ditugun hainbat eta hainbat gauza errepikatzen dituzte. Berdin zaie eskua zaborrean sartzea. Lurrean etzango dira dutxatu eta ilea garbitu berri izan arren. Lokatzez zipriztindutako txirristan behera jolastuko dira arropa zuriekin. Jendea inguratzen zaienean, batzuetan irribarrea eskainiko die, bestetan muturra erakutsiko, ezkutatu egingo dira, edo masailean jasotako musuaren arrasto bustia lehortuko dute eskuaz. Zibilizatu gabe daudela esaten dugu.

Eta zer da zibilizatzea? Hiztegiaren arabera, zibilizatzea kultura jakin bat jasotzea da, ideología konkretu bat, sinismen batzuk, baloreak, ohiturak eta legeak…

Nik hitz batekin parekatuko nuke zibilizatzea: beldurrarekin. Haur “basati” horiek ustez beraien onerako diren zenbait baloreekin hezten ditugu. Legeak ezartzen dizkiegu. Ohiturak erakusten. Ondorioz, umeak estreinatu berri dituen zapata dirdiratsuak zikintzeko beldur dira. Lurrean aurkitutako ezer ez dute ahora eramango gaixotuko diren beldur. Errespetuz eta edukazioz jende guztiari irribarrea eskainiko diote, beldur direlako kontrakoa egin ezkero ez ote dituzten txarrerako hartuko.

Beharrezkoak dira legeak, arauak, baloreak… Baina bi urteko gure alaba “basatiaren” zoriona ikusita, pentsatzen dut zibilizatzen den neurrian jasoko dituen beldurrek orain den bezain alaia izatea eragotziko diotela. Eta pena da.

Antsietatea

Gosea zuen astoari pentsuz betetako bi fardel zintzilikatu zizkioten eta gosez hil zen bitetako zeinetik jan ez zuelako jakin. Zeinen egia handia, aizue! Pasa den astean erosketak egitera joan nintzen. Hara, denda batean sartu eta orain hain modan dauden rebekatxoak edo puntuzko jertse irekiak ikusi nituen apal batean. Hurreratu egin nintzen haietako bat erosi asmoz. Zein, ordea? Beltza, grisa, urdina, berdea, horia, gorria, arrosa, morea, estanpaturen bat….? Ea, urdina ondo zetorkidan polo grisarekin… Halere, gorriak ondo ematen dit aurpegira… Horia? Beti gustatu izan zaidan kolorea da… Ez, ez… izatekotan, fuksia, ausartagoa… Bihotz-taupadak azkartzen ari zitzaizkidala nabaritu nuen. Jertse bat hartu eta ondokoa egokiagoa zela begitantzen zitzaidan. Eta hura hartzean ondokoa askoz erakargarriagoa zela uste nuen. Edo modernoagoa. Edo, edo, edo…. Kolorez margotutako infernu hartan arnasa hartu ezinik hasi baino lehen erabaki nuen handik ateratzea. Bizkor. Azkar. Ziztu bizian. Eta jertserik hartu gabe, noski. Izozki dendetan ere horixe gertatzen zait, txiklezko edo babarrunen zaporeko izozkiaren artean aukeratu ezinik, azkenean betikora jotzen dudala: bainila edo nata edo limoizkora.

Alfred Hitchock biziko balitz, Txoriak estiloko gidoi bat idatziko luke zentro komertzial batean egokituta. Portzierto, rebeka hitza Hitchockek zuzendutako izen bereko pelikulako protagonistak zeraman jertsetik dator. Koloretako jertseen erasoa irudika dezaket, nire gainera erortzen, begiak itsutzen, lepoa estutzen… Lagundu!

Kaosa

Charlize Theronek anabasa gorroto du. Loa ere kentzen dio emakume horri desordenak. Eta ni bat nator berarekin. Tira, egia esan, niri loa ez dit kentzen, ez da horrenbesterako. Baina onartzen dut eguna joan eta eguna etorri gauzak nola endredatzen diren ikusteak burua ere anabasa bihurtzen didala. Etxea jasota ikustea gauza ederra da, baina umeak daudenean ez da batere erraza. Zuk jasotzen duzun jostailua handik bost minutura guztiz zabalduta aurkitzen duzu berriz ere etxean zehar. Puzzleko atalak ohe barruan daudela ohartzen zara. Ohe azpian galtzetin-plaga dagoela. Armairuko apaletako kamisetek Everestak baino altuera handiagokoa dirudite bata bestearen gainean botata daudelako, ordenatu gabe. Etxeko hari gabeko telefonoa jotzen hasten da eta haren soinuari jarraiki konturatzen zara lorontzi barruan dagoela, umeak han utzita. Sofako kuxinen azpian denetik dago: yogur-tapak, txupeteren bat, koilara txiki bat…. Ohartzen zarenerako, anabasa zure buruan ere kokatzen da. Eta pentsamenduak desordenatzen hasten zaizkizu, erabakiak hartzeko trabak dituzu, umorea aldatzen zaizu eta errazago urduritzen zara. Hori ere eragiten baitu etxeko kaosak: buruko kortozirkuitoa. Eta une horretan erabakitzen duzu iritsi dela gauzak beren jatorrizko lekuan uzteko eguna. Jostailuak jostailuak gordetzeko kaxan. Galtzerdiak bere tiraderan. Kamisetak ondo doblatuta apalean.

Sofan eseri eta dena txukun ikusteak berehalako efektua eragiten du buruan. Eta irribarretsu begiratzen duzu zeinen ordenatua, eta handia, den zure mundu txikia.

2010

Sudur gorria

Harrigarria da nola alda dezakeen gauza txiki batek pertsonon jarrera. Esaterako, pailazo sudur gorri horietako batek. Egin al duzue inoiz froga? Niri Errege Magoek musu xelebre horietako bat utzi zidaten zapatan. Hasieran, nola ez, harridura. Zergatik hau? Baina ohartu orduko, bilduta zetorren plastikoa puskatu, sudurra atera eta niri nola geratzen zidan jakin nahi izan nuen. Estreinakoz jantzi nuen nire bizitzan pailazo musu bat eta zin egiten dizuet automatikoki hasi nintzela pailazokeriak egiten! Batere graziarik ez zutenak, noski, baina nire barruan botoiren bat sakatu izan banu bezala, alabei eta bikoteari neuk ere tarteka nire barruan ondo gordeta umorista bat badudala erakutsi nahi izan nien. Gorkak jantzi zuen gero opari bitxia. Eta bera ere instante berean hasi zen pailazokeriak egiten. Dunak sudur gorrien beharrik ez du berezko grazia erakusteko, baina hura ere barrez lehertzen zen gurasoak hain xelebre ikusita.

Ene, hainbeste liburu, terapia, saio, psikologo, ariketa, arnasketa eta erremedio daude merkatuan zoriontsu izateko, eta kontua da pailazo sudur gorri bat jartzea nahikoa dela barrea eragiteko, eta barre egiteko!

“Elur urte, gari urte” dio esaerak. Elurra franko egin du, orain urteak zer ematen duen ikusi behar. Baina benetan, goibel esnatzen zaretenean, batere garestia ez den terapia probatu. Beti iruditu izan zait pailazo lanbideak oso esker onekoa behar duela izan, jendeari barrea eragitea baino gauza ederragorik ez baitago; eta gure txikitasunean, sudur gorria jartzeak pailazo senti arazi zaitzake.

Gosaria

Ez da gauza bera ez gosaltzea gogorik ez duzulako, edo jateko ezertxo ere ez duzulako ez gosaltzea. Raimundo Amador goserik gabe esnatzen da. Edwing goseak jota esnatzen da goseak jota lokartzen delako. Santo Domingon ezagutu nuen Edwing. Kalean bizi zen bere etxean ez zutelako nahi. Hori esaten zuen berak, aita hil zitzaionetik ama beste gizon batekin bizi zela eta gizon hark ez zuela maite. Jipoitu egiten zuela. Eta ama beldur zela semea defendatuz gero senarrik gabe geratuko ote zen bigarrengoz. Eta Dominikar Errepublikan senarrik ez duen emakumea ez da deus. Horregatik egin zuen etxetik ihes, nahiago zituelako bizitzaren jipoiak jaso gizon arrotzaren eskuak emandakoak baino.

Egunotan milaka irudi datozkigu Haititik. Lurrikarak eragindako kalteak bereziki umeek nozitzen dituzte. Milaka haur noraezean. Familiarik gabe. Galduta. Gupidagaberen batek bahitu eta salduko dituen arriskuan. Lurra dardarka hasi aurretik amaren babesa gutxienez bazuten ume horiek. Lurraren sustraiak errotik puskatu diren unean apurtu dira familiarteko kateak. Eta geratzen zaien bakarra plater huts bat beteko duen ezezagunaren eskuzabaltasuna da.

Edwingek gorroto zuen Dominikar Errepublika irla bat delako, eta ezinezkoa delako inora alde egitea. Nora? Haitira? Esaten zuen, hura askoz okerrago zegoela jakinik.

Gorantz begiratzen zuen, zerurantz, eta egunen batean hegazkin batean alde egitearekin egiten zuen amets. Bizitzak dardararik egiten ez duen leku batera. Gosaltzea “gogoaren araberako erabakia” den lekuren batera.

Parentesiak

Abenduaren 31kako gaueko 12etan parentesi bat zabaltzen da. Urtarrilaren 1eko gaueko 12etan ixten den parentesia, alegia. 24 ordu horietan bizitza berri bat hastea posible dela sinesten dugu askok. Eta amets egiten dugu urte berriak ekarriko digunarekin. Desio ditugun gauzen artean zein beteko zaigun pentsatzen ospatzen dugu urtearen soineko berria. Eta xanpainaren burbuilak bezala, halakoxe mozkorraldi pozgarri batek pozoinduta hasten dugu urtea.

Urtarrilaren 19ko gaueko 12etan parentesi bat zabaltzen da. Urtarrilaren 20ko gaueko 12etan ixten den parentesia, alegia. Donostiarrak inoiz baino donostiarrago sentitzen dira 24 ordu horietan. “Ñoñostiarrismoa” arnasten da alderik alde: “Donostia bakarra munduan….”, jotzen dute danbor hotsek. Konstituzio Plaza dardarka hasten da, bihotz-taupadek sortutako lurrikara milaka oinen azpian. Burua lehertzera arteko burrundara haurren eta nagusien ilusioetan.

Martxoaren 8ko gaueko 12ak jota parentesi bat zabaltzen da. Egun bereko gaueko 12etan ixten den parentesia, alegia. Eguna lilaz pintatuta esnatzen da. Emakumeon iraultzaren garrantzia aldarrikatzen da. Oraindik ere gauza asko, gauza gehiegi, ez direla apenas aldatu gogorarazten da. Eta Donostian, ehunka pertsona biltzen da Lilatoiaren aitzakian, elastikoa jarrita emakumearen aldeko lasterketa egiteko.

2010 urteko danbor hotsek Merezimendu Hiritarraren Garaikurra emango diote Lilatoiari. Eta nik amets egin nahi dut egunen batean posible izango dela parentesirik gabeko mozkorraldi pozgarriak pozoinduta bizitzea.

Museoak

Haur batek zer egiten du museo batean? Korrika ibiltzen da alde batetik bestera. Dena ikusi nahi du. Dena miatu nahi du. Dena ukitu nahi du. Oihuka dabil aretoan zehar. Harritu duen hori zer den kontatu nahi dio munduari. Aurkitu duen objektu xelebrea erakutsi nahi dio amari. Eta aitari deskribatu nahi dio zer nolako irudia ikusi duen horman zintzilik. Dena berria da umearentzat eta garrasika zabaldu nahi ditu nobedadeak eragiten dizkion sentsazioak, bera izan balitz bezala aurkikuntza hori egin duen lehen pertsona.

Heldu batek zer egiten du museo batean? Poliki ibiltzen da alde batetik bestera. Dena ikusi nahi ez badu ere, gehiena ikusi behar duela sentitzen du. Zor diola hori artistari, edo bere buruari, edo ordaindu duen sarrerari. Isilik dabil aretoan, eta alde batetik bestera saltaka eta oihuka dabilen umearen oihuak traba egiten dio. Berak obraren edertasunaz gozatu nahi duelako, isiltasunean. Ez du inori sentitzen duena kontatzeko beharrik. Ikusi dituen zenbait gauza lehen ere ikusi dituen sentsazioa dauka. Edo museoan erakusgai egoteko besteko balioa ez duela pentsatzen du. Artistak bere obran islatu nahi izan duena ulertzen saiatuko da. Eta obraren aurrean segundo luzeak emango ditu zutik, pentsakor, hausnartzen.

Museoak ez daude umeentzat eginak, nahiz eta haurrak diren euren inozentziarekin artearen edertasunaz inolako erreparo eta konplexurik gabe gozatzeko gai direnak. Nik, artista banintz, nahiago nuke nire artelanaren aurrean ume batek duen erreakzio basatiaren lekuko izan, heldu baten jarrera hausnartua ezagutu baino.

Lazo arrosa

Titia ematen diot nire txikiari eta sekula imajinatu gabeko sentimenduak eragiten dizkit horrek. Mugagabeko maitasuna alabarekiko (hori berezkoa da, bularra edo biberoia eman), eta deskriba ezin daitekeen gozamena bularrarekiko.

Horregatik amorrarazten naute bularrekin “jolasean” aritzegatik dirua irabazten duten lotsagabeek. Bularrak txikitzeko asmoz, osasunaren terrorista den sasi-profesional batengana jo zuen duela 10 urte emakume batek. Bularrak txikitu zizkion bai, baina ez neurrian, oso-osorik txikitu baizik, mina emateraino, osasuna galtzeraino hondatuz. Izenik eta abizenik jarri ez zaion Donostiako mediku horren argazkiz josiko nituzke kaleak, markesinak eta leihoak.

Guztiok ezagutzen dugu bularreko minbizia nozitu izan duen norbait. Emakumeok badakigu zer den bularrean pinporta arraro bat sumatzeak sor dezakeen izua. Zapi arrosak, buruan edo bihotzean, solidaritatea hedatzen du. Poztu egiten gara ezagun batek izendaezina den minbizia gainditu duela jakiten dugunean. Galdutako ilea hazi zaiola ikusten dugunean. Berpizten denak dirdira berezia izaten baitu begiradan, azalean.

Horregatik, alabari titia ematen diodan bakoitzean sentitzen dut bularraren estetikak ez duela deus balio, txikia zein handia izan, elikatzeko eta maitasuna igortzeko tresna perfektua dena ezin dugu tirania estetikoaz baliatzen diren sasi-mediku lotsagabeen esku utzi. Ederragoa al da bular tentea eroria baino? Ederragoa al da bular betea lotsati azaltzen den ttipia baino? Umeak amaren titia maite du, den bezalakoa delarik ere.

Estetika

Puf! Hasi dira estetikaren orratzak begiak zirikatzen. Aldizkarietan horixe da gai nagusia: badator uda, presta zaitez! Eta prestatzeak, nola ez, argaltzea esan nahi du, kiloak galtzea, azala garbitzea, sabela abdominalez jostea, izterrak gogortzea, ipurdia tentetzea, bularrak altxatzea, aurpegiko zimurrak ezabatzea, ilea dirdiraz zipriztintzea…. Horretarako milaka produktu daude, zein baino zein hobeak eta garestiak. Mirariak egiten dituzten luxuzko kremak (2.000 eurokoren bat ere badagoela irakurri dut aldizkari batetan!), erlaxagarri bezain eraginkorrak diren masajeak, edertzea helburu duen kirurgia…. Tsunami batek beste indar duen olatua da estetikaren negozioa. Eta harrapatuta gauzka. Badakigu perfekzioa ez dela existitzen. Badakigu gaur egun fotoshopa erabiltzen dela perfekzio itxura lortzeko. Badakigu garrantzitsuena barruko edertasuna dela. Eduard Punseti entzun nion elkarrizketa batean ikusezina den gimnasia mentala egiteak neurona kopurua ugaldu egiten duela, eta badakigu askoz aberasgarriagoa dela neuronak irabaztea kiloak galtzea baino. Hori guztia badakigu baina, halere, udaberriko eguzki printzak hasten direnean, gazteago egingo gaituen kremaren iragarkiari begira jartzen gara, eta 2.000 eurokoa erostea ezinezkoa bazaigu ere, 20 euro balio dituenarekin egingo dugu proba. Hondartzara joaten garenean, izterrak gogor eta zelulitisik gabe ditugula etzaten garenean toailan, orduan ekingo diogu Punsetek aipatutako gimnasia ikusezina praktikatzeari. “Men sana in corpore bello”.

Lapurrak

San Jose loreak ikusi ditut zelaian. Badator udaberria. Orain, kukuaren kantua entzuten dudanean poltsikoetan euroren bat eramatea bakarrik falta zait. Izan ere, krisiaren azazkal zorrotzek atzamarkatzen gaituztenetik, sineskerietan ere sinesten hasi gara. Bada ez bada!

Krisiak lapurretak ugaritzen ditu. Ebasle askok zilegitasuna hartzen dute, egiten ari direna guztiz normala balitz bezala. Horien artean dago Iberdrola. Kontua da gaur egun ez direla hilero joaten kontadorea irakurtzera. Horren ordez, aurreko urtean kontsumitutakoaren bataz bestekoa ateratzen dute eta horixe da kobratzen dizutena. Gero, benetako irakurketa egiten dutenean, gutxiago kontsumitu baduzu, dirua bueltatzen dizute. Sekula halakorik! Nola liteke gastatu gabeko elektrizitatea kobratzea? Hori legala al da? Amorratuta deitu dut Iberdrolara kontu-eske eta, nola ez, errobot horietako batek erantzun dit. Ernegatuta, birritan errepikatu behar izan dizkiot nire datuak, ez ninduelako “ulertzen”. Bost minuturen ostean lortu dut benetako pertsona batekin hitz egitea eta badakit berak ez duela ezeren errurik, eta ez duela zertan justifikatu defendaezina den enpresa-politika, baina nire haserrea entzun behar izan du.

Zeinen inpotentea sentitzen zaren aurpegirik ematen ez duten legalizatutako lapur profesionalen aurrean. Gure kontura betetako poltsikoak geroz eta gehiago handitzen dituzten bitartean, euren boterearen ikurra den 365 metroko altuerako dorre erraldoia eraikitzen ari dira. Seguru han goitik urte osoan entzuten dela kukuaren kanta.

6.000

Danielle Steel idazleak 70 liburutik argitaratu ditu, 500 milioi aletik gora saldu eta bere etxean 6.000 oinetako omen ditu. Horixe baitu benetako pasioa, zapatak alegia. Pasioa baino obsesioa, esango nuke nik. Izan ere, 6.000 zenbaki handiegia da pasiotzat hartzeko. Imajinatzen al duzue katuak maite dituen batek 6.000 katu biltzea etxean? Edo irakur zale amorratu batek 6.000 alez betetako liburutegia izatea? Egia esan, liburuak dituena obsesionatua dagoela baino pertsona azkarra, argia eta interesgarria dela esango genuke. Askoz hobeto ikusia baitago liburu-bilduma egitea oinetakoak erostea baino. Balio gehiago ematen omen diogu adimena lantzeari takoi gainean ederrago irudikatzeari baino, nahiz eta estetika literatura baino askoz gehiago kontsumitzen den.

Edonola, nik uste nuen oinetako zalea nintzela baina ezetz ohartu naiz. Eskaparateetako eta aldizkarietako zapatak ikusten gehiago disfrutatzen dut horiek erosten baino. Hara, larunbatean Donostian izan nintzen Mariarekin eta takoi luzedun zapata ederrak probatu nituen. Ai ama! Ezin asmatu haien gainean ibiltzen! Hantxe laga nituen, erakusleihoan, beste vouyeur baten gozamenerako.

Badirudi mendebaldeko emakumeek, batez beste, 19 zapata-pare dituztela armairuan. Ni ez naiz inondik ere kopuru horretara iristen. Nola liteke oinetako zalea izan eta batez bestekora ez iristea? Psikologoen hitzetan, oinetakoak konpultsiboki erosteak autoestima baxuarekin lotura zuzena du. Tira, horixe izango da arrazoia, nire burua aspaldion ondo maite dudala, eta ez dudala zapaten beharrik. Ez da gutxi.

Hatz-marka

“Egunkarian” argitaratu nuen nire estreinako ipuina. KZ gehigarriko arduraduna zenak, Luistxo Fernandezek, aukera eman zidan eta akorduan daukat nola bere ironia fin horrekin esan zidan idazle bihurtzen nintzenean berari eskainiko niola nire lehen elkarrizketa. Hamar urte baino gehiago pasa dira, oso gaztea nintzen garai hartan eta nire lana publikatzeak poz eta zirrara lañoa, biak eragin zizkidan. Domeka batez ikusi zuen argia “Estreinako aldia” ipuinak eta hurrengo egunean jaso nuen Xabier Mendiguren editorearen telefono-deia. Urtebete baino gehixeago pasata kaleratu genuen “Tentazioak”.

2003eko otsailaren 20an itxi zuten Egunkaria. Atxilotuak, jendea lanik gabe eta irakurleak euskara hutsez irakurtzeko aukera ematen zuen egunkaririk gabe. Horratx emaitza. Eta zazpi urte pasa behar izan dira “errugabe” hitza irakurri eta entzuteko hainbat eta hainbat komunikabideetan. Gezurra baita kontrakoa adierazi bitartean denok garela errugabe. Gizarte honek zalantzaren atzamarrarekin markatzen zaitu norbaitek ahotsa altxatzen duen une berean. Eta, batzuentzat, atzamar erakuslearen hatz-markak hor iraungo du beti. Nahiz eta epaileek errugabetasuna azpimarratu. Zalantzaren orbaina ez du epai batek ezabatzen. Ezta auzipetuek urte hauetan guztietan bizi izandako guztia ere.

2003 hartako otsailaren 22an, milaka euskaldun estreinako aldiz elkartu ginen Egunkariaren itxieraren kontrako manifestazioan. Balio dezala atzamar koipetsu batek utzitako markak ez ahazteko batzen gaituena banatzen gaituena baino askoz gehiago dela.

Klik

Horixe besterik ez dugu behar gure buruko torloju txiki bati buelta emateko. Klik bezalako hitz onomatopeikoa. Hain sinplea eta, era berean, hain konplikatua. Bi urte inguru ditugunean klik egin behar digu buruko torloju nanoren batek txizari eta kakari eutsi eta, fardelean egin beharrean, komunean egitea komeni zaigula barneratzeko. Gerta daiteke urtetan burugabeen antzera gidatu eta gero, istripu txiki bat izan ostean buruko klikak betiko ohar-araztea azeleragailua ez dela estutu behar. Izan daiteke bidaia batean ikusitako zerbaitek eragitea buruan klik eta, ondorioz, bizitza aldatu behar dugula deliberatzea. Edo irakurritako liburu baten ostean igarritako klikaren ondorioz bikotea maite ez dugula sentitu eta hura uzteko erabakia hartzea. Posible da buruko torloju txiki batek klik egin eta erotzea, zoratzea, arrazoia galtzea. Urteak iraun dituen koma batetik bat batean esnatzea, klik egin eta gero. Posible den bezalaxe estreinakoz ikusi duzun pertsonarekin seko enamoratzea. Buruak klik egin arte, bere hatsa belarri ondoan sentitu gabe ezin duzula bizi sentitzeraino. Orduan, klik hori klipa bihurtzen da, Korapiloak liburuko olerki batean idatzi nuen bezala, “Klipa zara nire memorian, eta ezin zaitut burutik kendu”. Ranulph Fiennes abenturazalea da eta berak esana da heriotzak ez duela gehiegi kezkatzen. Bizipen latzek sari horixe ematen baitute, hiltzeari diogun beldurrak klik egitea.

Kontrola ezin dezakegun botoia da klik-a. Gutxien espero dugunean aktibatzen dena. Hain sinplea eta, era berean, hain konplikatua. C’est la vie.